XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) egoera ikusita Manaus aldetik ekarritakoarekin moldatu beharko nuen egun haietan.

Taberna-etxeko biztanleak zaharrak ziren jadanik eta giro tristea nabaritzen zen bertan.

Atsoa oso andre gozoa zen eta modu jatorrean hitz egiten zuen nirekin.

Bere senarra azal zimurtuko eta gaixo itxurako gizon ilegabe bibotedun bat zen.

Denbora guztia kanpoko teilatupean jezarrita ematen zuen eta berba asko egiten zidan, futbolean ziharduten mutikoei begira geunden bitartean, baina bere ahotsak ez zeukan indarrik eta ezin nion ezertxo ere ulertu.

Halako baten altxatu egin zen afarirako oilo bat harrapatzeko, baina ezin izan zuen eta, guztiz nekatuta, berriro jezarri behar izan zuen.

Etxeko hirugarren biztanlea lehengoaren anaia zen.

Heldu samarra izan arren osasuntsua ematen zuen.

Iritsi nintzenean eskopeta zahar bat gasolioz garbitzen ari zen, iluntzean hegazti eta basatxerritan joateko asmoz.

Nirekin oso serio eta desatsegina izan zen, eta ez zidan ia berba egin, nahiz eta nik itaunak egin eta jatorra izaten ahalegindu.

Bizkarreko hazkura kentzeko ganaduaren moduan egiten zuen, eta etxeko hormara hurbilduta igurtzi egiten zuen lasaitu arte.

Pertsona hauen ondoan eserita eman nuen denbora gehiena.

Arratsalde partean, tabernaren albotik aurreko egunean Castanhoko baltsan ikusitako arlote beltz ibiltaria pasatu zen.

Erabat jota eta ahituta zihoala ematen zuen, burumakur, sandalia bat eskuan.

Ez zuen burua jaso, eta ezer eskatu gabe, begiratu ere egin barik, erreka gaineko egurrezko zubi zaharra zeharkatu eta aurrera jarraitu zuen ozta-ozta.

Ehiztari zaharrak heriotzarantz zihoala eta bidean bere gorpua aurkituko nuela esan zidan (...)